Hiri Klonatuak: taberna tradizionalen desagerpena eta frankizia arkitekturaren hazkundea
Duela hilabete eskas, egunkari bateko artikulu bat irakurtzerakoan gure arreta erakarri zuen izenburu batekin egin genuen topo: "Agur zuritoari Bilbon?: Badirudi gure "poteo" tradizionalari amaiera eman nahi diotela"
Horrek gure inguruko tabernetan zer gertatzen ari den galdetzera eraman gintuen, gure zuritoa bezain errotuta dagoen eta bereizgarria den zerbait poliki-poliki desagertzen ari dela konturatuta, arazoa non dagoen galdetzera hain zuzen. Eta erantzuna, edo behintzat zati handi bat, ez dago kontsumitzen dugun horretan bakarrik, baizik eta konsumitzen den espazio horretan. Ohitura horien galera estuki lotuta dago espazioen arkitekturarekin eta diseinuarekin.

Turismoak eta arkitektura garaikideak gure kaleetan duten eraginaz hitz egiten dugunean, saihestezina da burura etortzen zaigun lehenengo gauza etxebizitza krisia izatea. Eta hori ulergarria da oso. Etxebizitza gai garrantzitsua da, garrantzi handikoa, eta etorkizuneko argitalpenen baten merezi duen analisi sakona eskainiko diogula hitz ematen dizuegu. Baina gaur, balkoietatik begiratu eta kale mailan, beheko solairuko espazioetan, gertatzen ari denari erreparatu nahi diogu. Gaur tabernei buruz idatzi nahi genuen.
Gure hiriak arkitektura eta gizarte eraldaketa isila baina etengabekoa jasaten ari dira. Taberna tradizionalen desagerpen motela ikusten ari gara.
Berezko nortasuna duen tokiko tabernatik "kopiatu eta itsatsi"bidez sortutako ikuspegi globaleko espazioetara
Hamarkadetan zehar, Espainiako tabernak edateko leku bat baino gehiago izan dira; egongelaren luzapen bezela uler zitezkeen, gizarte-aingura izango balira bezala. Madrilgo taberna baldosatsu batez edo Euskal Herriko taberna tradizional batez ari baginen, leku bakoitzak bere auzoaren, klimaren eta jendearen nortasuna arnasten zuen.
Hala ere, egungo hiri-paisaiak beste arau batzuk jarri ditu mahai gainean. Gaur egun, kafe berezi bat hartu dezakezu Madrilen, industria-estiloko metalezko aulki batean eserita, harizpi-bonbilla baten azpian, eta Londresen, Berlinen edo munduko beste edozein hiritan zaudela senti dezakezu. Turismo masiboak eta merkataritza-gentrifikazioak ikaragarria den homogeneizazioa ekarri dute.
Madrilgo edo Bartzelonako tabernak Euskal Herriko edozein txokotan aurkitu ahal izatera igaro gara, kontextuari jaramon egin barik. Eta, are okerrago, ez dira diseinu joera barrien erreferente: beste leku batzuetan dagoeneko funtzionatzen duena kopiatzen ari gara. Espazioen arkitektura tradizionala erabat ezabatzen duten estetika klonizatuak inportatzen ari gara (adreilu bistako hormak, esaldi motibagarriak dituzten neon-errotuluak, aguakatea eta brioche ogia dituzten menuak).
Desagertzearen atzean dauden datuak
Nortasun galera honen pertzepzioa ez da nostalgia hutsa; datuek baieztatzen dute. Zifrei erreparatzen badiegu, egoera argia da.
Espainiako Ostalaritza Elkarteak argitaratzen duen Espainiako Ostalaritza Urtekariaren arabera, Espainia sektoreko herrialde liderra da, BPG nazionalari % 4,8 baino gehiago laguntzen baitio eta ia 1,8 milioi pertsona enplegatzen baititu denboraldi gorenean. Harrigarria da batez beste 431 taberna existitzea 100.000 biztanleko estatu mailan (eskolak baino bost aldiz gehiago gutxi gorabehera, Estatistikako Institutu Nazionalaren datu gurutzatuek diotenez). Guztira, sektoreak 318.000 establezimendu baino gehiago ditu.
Baina hona hemen tranpa: ostalaritzako diru-sarrera orokorrak hazten ari diren arren, Urtekariak urteetan zehar joera estruktural baten berri eman du. Taberna tradizionalen kopurua ("Edari-establezimenduak" izenburupean) pixkanaka jaisten ari da urteetan zehar , eta jatetxe-kateak, frankiziak eta turistei zuzendutako nitxo-establezimenduak gora egiten ari dira. Tokiko negozio independenteak suntsitzen ari gara beste mota bateko espazioei paso emateko.
Herritarrengan duen eragina.
"Turismoaren arkitektura" honek bi modutan desplazatzen ditu bizilagunak. Lehenik, fisikoki: tabernek auzoko bilgune izateari uzten diote eta bisitarientzako bide bihurtzen dira, herritar arruntarentzat eskuraezinak diren prezioekin. Bigarrenik, emozionalki: auzoak bere aingura bisuala eta kulturala galtzen du.
Gure tabernen diseinua eraikitzen ari garen hiri ereduaren isla da: erakusleiho globalizatua, Instagrameko argazki baterako ederra da , baina gero eta hutsago dago duela urte batzuk erakargarri egiten zuen esentziarengandik.
Gure ikuspegia: Arkitektura herritarrarentzat izan daiteke eta baita algoritmoarentzat ere. Batak ez dau bestea kentzen.
Hausnarketa hau amaitzeko, gure jarrera argi utzi nahi dugu: kontua ez da espazioen modernizazioa baztertzea. Hori absurdua eta kontraproduktiboa litzateke. Arkitektura- eta estrategia-erronka espazioak modernizatzean datza, haien izaera mantenduz. Gaur, inoiz baino gehiago, herritarrentzat pentsatutako espazioak diseinatu behar ditugu, gizarte gisa nor garen islatzen duten espazioak eta, batez ere, atzo ginenaren isla diren espazioak. Turismoa benetan jasangarria izan dadin, ezinbestekoa da hiriak pentsatu eta diseinatzea egunero "erabiltzen" eta bizitzen dituen herritarraren ikuspegitik. Eta hori lortzeko, taberna baten barrualdea ezin da inoiz ondoko tabernaren kopia-itsatsi bat izan, edo ondoko herrikoarena, eta are gutxiago 10.000 kilometrora dagoen hiri bateko batena. Benetako berrikuntzak benetakotasunean datza, ez erreplikazioan.

